BERRIA Igandea, 2007ko urriak 7
«Artea porrot kopuru zehatza da»
txomin badiola Artista
Artearen prozesuaz eta artelanaren esanahiaz gogoeta egin du eskultoreak Iruñeko Moises Perez de Albeniz galerian paratu duen erakusketan
Alberto Barandiaran
Iruñea
Ohi dituen irudien bidez, Txomin Badiolak (Bilbo, 1957) artelanaren beraren sorkuntzaren inguruko gogoeta egin du Moises Perez de Albeniz erakustaretoan paratu duen azken erakusketaren bidez. Eta Porrot kopuru zehatza izenburua jarri dio bildumari. Egileak dioenez, ezinbestekoa baita porrotez porrot ibiltzea sorbideetan, huts eginez, harik eta artelanak berez eusten dion arte. Orduan, hor dago.
Erakusketa instalazio bat da. Bi erakusketa-eraikinen inguruan, irudiz, argazkiz eta aipuz egindako koadro sorta. Bertan, euskal ikonografiaren irudiak, eraikuntzei erreferentzia egiten dioten formak eta, batez ere, leloak, hizkuntza idatzia. Atzean, ideia nagusia. Hauxe: artelana ez dela autorearen maisutasunari esker lortzen den helburua, hurbilketak, desorekak eta zati pilaketak baizik. Hartzailea naiz emailea zalantzan jartzen duten prozesua.
Zergatik porrotak?
Artea, berez, bide bat zeharkatzea da, eta bide hori ez dakizu non amaituko den, ezta nondik pasatuko den ere. Horrek esan nahi du ez dugula ziurtasunetik lan egiten, ziurtasun ezatik baizik. Porrotetik. Zerbait proposatzen dugu, huts egiten dugu, berriro proposatzen dugu, berriro huts egiten. Eta porrot horiek une kritiko batera iristen direnean, ematen du artelanak berez eusten diola, eta orduan egituratzen da artelana. Horregatik, niretzat, artelana porrot kopuru zehatz bat da. Gehiagotan huts egiten baldin baduzu, erabateko porrota da. Gutxiagotan huts egiten baduzu, aldiz, hau da, berez beharko liratekeen porrot kopurua ez baduzu lortzen, ez duzu artelanik. Hortik dator erakusketaren izenburua. Horrekin azaldu nahi dut artistaren lan bera. Zein den honaino iristeko zeharkatu behar dudan bidea.
Zure lana berrikusiz, zerbaiten laburpena egin nahi izan duzu? Zure bidean atzera begiratzeko une bat dela iruditzen zaizu, nolabait esanda?
Pentsatzen dut erakusketa guztiak zerbaiten laburpena direla. Lanean ari zara, eta halako batean lantzen ari zaren gauzen artean nolabaiteko harremana sortzen da, eta erakusketa baterako hitzordua iristen da eta artelanak hor biltzen dira. Horregatik, bai, laburpen bat da, aurretik egindako lanaren laburpena. Baina ez da aldez aurretik pentsatutako zerbait. Ez dut aukera hau baliatu nahi izan gai zehatz baten inguruan zerbait esateko, ez, ez da hori. Zertzelada bat da, azken finean. Nire lanean geldiune bat, mozketa bat. Erakusketa guztiak horixe dira: ebaki bat zure lanean.
Nondik sortzen dira, nola aukeratu dituzu, zergatik aukeratu dituzu hemen ikusten diren lelo, esaldi eta aipu hauek guztiak?
Nire lan materialak ez dira material klasikoak. Ez dira harria, burdina edo zura. Nire materialak kulturalak dira. Irudiak, egoeren erreferentziak, aipuak. Eta, horien artean, beti oso garrantzitsuak iruditu zaizkit aipuak. Hizkuntzaren erabilera beti asko interesatu zait. Komunikatzeko duen gaitasun hori, esaterako. Ez bakarrik zer esaten den, nola esaten den baizik. Kasu honetan, sail honetan, hizkuntza irudi bat balitz bezala erabili nahi izan dut. Denbora luzez bildutako materiala, aipu horiek, hemen jaso nahi izan ditut. Batzuk nireak dira, beste batzuk beste lagunenak, eta badira eguneroko prentsan jasotako esaldiak ere. Jende askoren arteko obra bat da, nolabait esanda, ahots asko daudelako. Gonbidatu asko daude tartean, beraz, toki askotatik etorritakoak, baina denek loturaren bat dute artistaren inguruko lanekin. Irudi batzuetan, nire artelanak paratzeko lanak azaltzen dira, beste batzuetan inaugurazioaren irudiak daude. Edo beste artista batzuen lanekin loturak ikus daitezke, edo hitzaldietako une zehatzak.
Zuri-beltzean eginak denak.
Hori aukeraketa grafiko hutsa da, eta eraginkortasunarekin lotuta dago. Hau da, testua eta irudia maila berean jarri nahi baldin baditut, badirudi horixe dela aukerarik onena.
Eta zein da eskulturen eta irudien arteko harremana?
Ez dago lotura zehatzik, ez bada artistak berak egindako artelanak direla. Bi gauza elkarren ondoan jartzen dituzunean, beti dago harremanen bat. Artean, gainera, garrantzitsuena ez da artistak bilatu nahi izaten dituen harremanak, berez sortzen diren lotura horiek baizik. Hau da, nik ez dut harremanik bilatzen, baina elkarren aurrean jarrita, badute harremana. Gero ikuslea izango da harreman hori ondorioztatuko duena.
Eraiki, bota, altxatu, eraitsi. Irudiak ere horrelakoak dira. Hori lotuta dago aurretik esan duzun ideiarekin, artistaren ibilbidea bilaketa etengabea dela, porrotak eta aurkikuntzak?
Noski. Sorkuntza lana suntsitze lana da beti. Are gehiago materialak kulturalak baldin badira. Harriarekin edo zurarekin lan egiten baldin baduzu, badirudi zerbait sortzen ari zarela ezerezetik. Baina material kulturalekin lan egiten duzunean, berehala ohartzen zara lan horiek eginak daudela, sortuak daudela. Beraz, desegin egin behar dituzu, beren inguruetatik erauzi egin behar dituzu, eta beste toki berri bat aurkitu, haientzako sortu.
Koadroetan erabili dituzun aipuak lotuta daude Txomin Badiolak dituen ideia, pentsamendu, iritziekin?
Bai, baina autorearen irudiarekin, kontuz. Askotan uste dugu sortzailea inor osoa dela, kolore bakarrekoa, bere pentsamendua sortzen duena. Alde horretatik, nik beste iritzi bat daukat. Niretzat, eragin, iritzi lerro eta zertzelada askoren bideratzailea da artista. Eragin horiek guztiak, batzuetan, gurutzatu egiten duen norbait. Beraz, ni ez naiz hor nire bizitza kontatzen ari. Nire bizitza erabiltzen ari naiz zerbait kontatzeko, nire baitan eragina duten gauza horiek guztiek, kanpotik etorri arren, ni egiten nautelako.
http://www.arteleku.net/4.1/seccion.jsp?id_seccion=14&id_articulo=659&idioma=castellano&ids=id1=659
No hay comentarios:
Publicar un comentario